‘Garenak bagina, Jainko baikinateke’. Joxanton Artzerekin elkarrizketa (euskera).

0
59

Euskadi irratitik hartua.
Sasi-transkripzioa. Josune Zabala

OLDARTZEN NAU MAMUTEGIAK
Norberak bera dena ez izan nahia. Nor garenak ez izan nahia. Gaurko gizakiak ez du beragan sinesten. Bere ordez sortu du mamu bat eta mamu hori bizi du. Gure mundua bihurtu da mamutegi bat; elkarrizketak mamukeriak dira; hain zuzen ez dugulako geure barrua bizi. Gaurko gizartea baino zoritxarragorik ez da ezagutu sekula.

Paradisua galdu genuenez geroztik gabiltza. Garena ezin dugu bizi, eta daukaguna bizi dugu. Eta horrek ezin digu zorionik eman. Ez da posible. Zoriona erostea posible balitz, zoriona edukiko genuke, baina ez ginateke zoriontsu izango. Hori dena dakigu, baina ez diogu kasurik egiten. Egoskorturik horrekin. Tristura ikusten da barruan, nahiz eta ongizatean bizi garen. Ez duelako inork zoriontsu izan nahi; zoriona eduki nahi dugulako.

PERTSONA ETA ASTOA
Pertsonak etorri behar izan zuen mundura astakeriak egiteko. Eta horrek triste jartzen nau. Guztiok gaude zulo horretan sartuta.

ZORIONTSU ZARA?
Ni oso zoriontsu, eta gero eta zoriontsuago. Ez merezi duelako… bai, oso zoriontsu.

IDAZTEN GOZATU ETA SUFRITU EGITEN DUZU?
Biak, eta biak izan behar du, iruditzen zait. Biak bat doaz. Sufritu behar da borroka bat delako; zure buruaren kontra, lehenik. Gure barru, barru, barruan daukagu halako erdigune bat, non eta hor argirik argitsuena eta edertasunik ederrena hor dago. Borroka da horra iristea eta hori estaltzen duen hori kentzea. Hori kenduz gero argiz beteko ginateke, argi hutsa izango ginateke. Hori da bizia. Nola horra iritsi; gure baitan dagoen jakinduria hori?? nola?? kendu traba horiek. Borroka hor dago, argia kentzen digun horrekin borrokatzea.

Hartu dugun heziketagatik eta izan ditugun hainbat eragatik beste erara?? ez diogu gizarteari leporatu behar… hori errexa izaten da. Hor dago beste mostruitua: gure sasi-nia, gure egotxo hori. Guk asmatu dugun, gure burutzat daukagun monstruito bat. Horrek ez digu utzi nahi beste inork agindu dezan gugan. Horrek nahi du horrela izan gaitezen. Ahalegina egiten du barruratu ez gaitezen. Orduan borroka latza da, zergatik horrek indar handia du. Gero ingurune guztiak, batez ere, horren arabera nola horren arabera lan egiten duen?? hortik ateratzea, oso zaila da?? Gainera ni hori, jode?? hori da elementu bat?? harrapatzen maltzurra da. mozorrotzen da, aingerutxo bat bezala agertzen zaizu komeni denean, santu bat bezala?? kapaz da edozein forma hartzeko zu agintzeko; berak agintzen jarraitzeko. Horren trikimailu guztiei ihes egin eta barrura sartzea behar duzu. Ez ausardia bakarrik! bereizmena, argitasuna behar duzu, burua argi behar duzu guzti horien tartetik pasatzeko. Lilurapen horien guztien barrena pasatzeko. Ez da erraza. Erne egon behar da. Ez dago lo hartzerik, eta hil arte biziko zaigu. Hori da elementu bat erabat menderatzen ez dena hil arte. Beraz, begizu ze lan dan??

Poxa. Hori menderatzen duzun neurrian, ematen dizu poxa. Zerbait lortzen duzun neurrian, horrek ematen dizu poxa.

Barru-barruko txinpart horren argia tarteka agertzen zaigu eta olerki batean mamitzen denean, argi hori ikusteak poza ematen du. Pena da txinparta bat dela. Txinpartak baino pixka bat gehixeago irauten du. Gero, geratzen da bere oihartzuna balitz bezala, izar baten isatsa balitz bezala. Bere usain, bere lurrin?? gozotasun bat bezala. Gero ugariago ere izaten da. Txinpartak dira, nire kasuan, gero eta gero ugarixeago. Nik bizitza guztian liburu bat osatzeko?? ni oso etorri urrikoa izan bainaiz. Liburua osatzeko tranpak egin behar izan ditut: orri txuriak sartu??

Lehenago ttanttaka, etortzen zitzaizkidan.

OLERKARIAK BERE ORTZIA, ORRIA
Hutsunearen aurrean guri dagokigu betetzea. Hor dago dena. Dena idatzia dago, eta hori irakurtzen izaten da lana.

MOMENTUKO FASEA
Artzain bati ez zaio galdetu behar zenbat ardi dituen. Niri iruditzen zait, artaldea biltzen ari naizela, ardiak bildu ezinik nabilela. Aspaldiko ardiekin, borrokan?? konturatu naizenerako (ni ohituta nengoen banaka, banaka?? orain trumilka etorri zaizkit??) sekulako pilarekin aurkitu naiz, eta urpean nago. Orain ari naiz artaldea elkartzen.

Olerki bakoitza bere aldetik ibiltzen da, eta orain ari naiz elkartzen. Olerkiak elkartzeko erak ere poetikoa behar du izan. Elkartze hau zailagoa gertatzen da.

ZERTAZ ARI ZARA
Denetaz, zernahitaz. Etortzen den gai guztiak iruditzen zaizkit interesgarriak. Etortzen zaizun gaiak ere berak esaten dizu nahi duela hori garatua izan. Hori barrutik etortzen da. Hor duzu, askotan ez duzu aukeratu ere egiten. Gustatuko litzaidake hori hegetan egotea. Iritsiko da bere ordua. Hortxe gaude, orduaren zain.

Hori baneki, lana bukatua legoke.

ZURE ERARA INOIZ EZ LITZATEKE BUKATUKO
Egia da, baina momentu batera iristen zara eta esaten duzu?? hau irakurtzeko modukoa da?? nahiz eta ez dagoen erabat bukatua, baina, ya, argitaratu daiteke. Maila batera ailegatzen denean, ya, hegan egin dezake?? gutxienez hegan egiteko moduan egon behar dute, ez arrano baten moduan, baina txantxangorriak bezala hegan egingo balute, ez legoke gaizki.

LAGUNAK, LANA KONPARTITZEKO?
Hori neronek egin beharra daukat. Prozesu guztia zeinek ezagutzen du? Nik bakarrik ezagutzen dut. Nola garatu duen, zein puntutan dago?? beste batek ez daki hori. Askatasun osoki jokatzen dut alderdi horretatik.

ARTZE GIZONA ETA ARTZE SORTZAILEA BEREIZ LITEZKE?
Ez. Ez da posible. Hori guztia bat da. Gizakia naizen neurrian naiz sortzailea eta sortzaile naizen neurrian gizakia?? ez dago bereizterik. Bueno, kontuz. Batek zer idazten duen eta bera nor den?? hori beste asunto bat da. Batek gauza ederrak idatz litzake eta pertsona bezala, gizatxar bat izan liteke. Askotan zaila da?? adimen aldetik, sentiberatasun aldetik gauzatxo batzuk dituzu eta hori egiten duzu??

Lehenbizi sumatzen duzu argitxo hori, eta argi hori zuk izan nahi duzu… baina gerta daiteke oso olerki maitetsua izan eta oso pertsona zakarra izatea.

POESIA ETA OLERKIA. ZER DIRA?
Poesia zer den, jendeak zer daki? Olerkia ere halatsu??
Pertsonaren arazo latza dela iruditzen zait. Gizaki oro gizaki delako da olerkari edo musikari?? edozein motatako sortzaile. Gizaki izateko sortzaile izan behar da?? zernahitan dela ere: aitzurrean, segan, plantxan??
Sortzaile ahalmen horiek gizakiak erabili behar ditu; gizaki orok behar du izan artista gizaki izateko. Berezkoa du arte egitea. Horretarako eskatzen digu gure baitan sakondu behar dugula. Gure izatearen nortasuna bilatu behar dugula. Eta horrek ematen dizkigu lanak. Ausartzen direnak artista deituak dira.

ARTISTA ZARA?
Ni ez naiz inoiz jabetu artista naizenik. Bilatu dudana batez ere da nire barruan nor naizen. Hor saiatu naiz eta hor nabil eta hor aurkitu dudan zerbait da. Egiten ari naizen lanean ahalegintzen naiz ahalik eta ondoen egiten. Eta egiten naizen hori nolabait irakurtzen, gizartea irakurtzen; eta irakurtzen dudan hori aditzera ematen.

IRAGANA ETA ORAINA
Iragana, San Agustinek esaten zuen, iragana oraindik ez dago; etorkizunik oraindik ez dago. Bizi dezakegun gauza bakarra oraina da; hori bakarrik, egiazki, bizi dezakegulako.

Atzera begiratzen baduzu, orainetik?? betikotasunaren sinboloa da denboraren barruan, oraina. Betikotasuna da dirauen oraina. Orainetik begiratzen baduzu iragana, betikoa denari begiratzen diozu. Alderdi horretatik da interesgarria. Begiratzen diozu gaurkoa den neurrian.

69ko ARTZE ETA ORAINGOA
Ordukoa naiz sakonean, nor naizen pixka bat gehiago dakien norbait. Orduan nituen gogorkeria batzuk goxatu ditudala esan dezaket. Gogorra nintzen besteekin eta neure buruarekin. Gogorregia izan naiz, ez nuen eskubiderik besteei horrenbeste eskatzeko. Eta horretaz konturatu naiz. Gehienbat ibili naiz zuzentasuna aurretik, eta maitasuna atzera samarretik. Lehenik maitasuna, gero zuzentasuna eta berriz maitasuna. Zuzenagoa izan eta horrela ibili. Gauza sinpleak dira, baina batzuek denbora luzea behar izaten dute gauza horietaz ohartzeko. Hobe inoiz izatea, inoiz ez izatea baino.

POESIAREN HASIERA
Norberaren izatearekin batera hasten da poesia. Ez dago inoiz jakiterik noiz hasten den poesia bat; poetikoki bizi garelako. Denbora guztian gure alderdi poetiko hori hor dago.

POESIAREN AMAIERA
Olerki bat ez da inoiz amaitzen. Olerki guztiei beti ematen diet gero begiratu bat; zer moduz dagoen, oraindik gaurkotasunik baduen?? ez da inoiz bukatzen betikotasun guztian (ez bizian); azken gabearen, betikoaren, formagabearen txinparta da; eta horrek ezin lezake bukaera bat izan.

POEMA KANTU BIHURTZEAN, NORENA
Ez dago neurtzerik. Bati hitzak gehiago esango dio; beste bati musikak gehiago esango dio. Batzuk entzuteko dohain hori neurtuago dugu; beste batzuk burua gehiago. Biek elkartze bat egiten dutenean, sortzen da beste zerbait, beste zertasun bat. Eta ederra da kantatua denean, ikusia denean, irakurria denean?? biziak horri ematen dio zentzua. Hori da komunikazioa, eta ez gaurko istorioa, gaurko inkomunikazioa.

KOMUNIKAZIOA
Sekula baino komunikabide gehiago dago; sekula baino inkomunikatuagoak gaude; zer komunikatzerik ez daukagu.

ARTZE ETA BERE INGURUNEA
Hemen, kristautasunaren barruan esaten da, hiltzen garenean, hil eta gero, nola gorputz honetan bertan berpiztuak izango garen. Iruditzen zait, ez gure gorputza bakarrik, baita gure paisajea ere.

Hau gabe, mundurik gabe, ez naiz ni. Gizakiok, ez da posible. Guri eman baldin bazaigu?? ni aukeratuta ez naiz jaio hemen. Nik ez dut aukeratu gurasoengandik jaiotzea?? gurasoek ere ez dute hautatu ni jaiotzea. Ez ni. Nik ez dut hautatu gaur dudan grazia zuekin egoteko. Eman zaigu elkar ezagutzea eta elkarrekin egote hau. Paisaje honekin ere bai. Guzti hau nire gorputza da. Dena da gorputz bat. Denok osatzen dugu gorputz bat. Ni bakarra naiz, baina ni osotasun baten parte naiz, eta horretan, beste guztiekin bat naiz. Nik dudan hori zuk ere baduzu, zerbait batzen gaituen hori daukagu. Gure gizatasuna, adibidez. Horretan, gure portaerak desberdinak dira. Hizkuntza desberdinak ditugu. Elkarrizketa horretan?? bakoitza bere hizkuntzarekin. Hizkuntza horretan. Bakoitzak hizkuntza bat hitz egiten dugu. Inork ez du berdin hitz egiten, baina denok hizkuntza bat hitz egiten dugu.

Hemen kasualitaterik ez dago. Ni naiz nire ingurunearekin. Horiekin batera hazi naiz, eta ez kasualitatez. Bakoitza jaiotzen da dagokion unean eta gunean. Cosmosak ez luke bestela funtzionatuko. Hondar ale bakoitzak ere bere lekua du cosmos honetan. Bestela, ez da ulertzen, bestela. Ez dago hemen ezer sobran; bakoitza dago bere lekuan. Tristea da gizakia sartzen dela tartean. Guri aukera eman zaigu, askatasuna?? eta askatasuna zertarako erabiltzen dugu? Gure burua lotzeko! Horretarako. Cosmos guztiko armoniatik ateratzen garen momentutik, zer gertatzen da? gure burua lotzen ari gara. Ez garelako garenak. Lehengora gatoz.

ZERTARAKO DA BIZITZA?
Bizitza da, filosofoek esaten dute??: existentzia eta esentzia. Hori da. Hor dago tartea, eta askatasuna hor jokatzen da. Nire ustez, bizitza da garenak izateko ematen zaigun aukera. Gure garen izate hori garatzeko ematen zaigun aukera. Aukera. Askeak garelako.

Zuhaitz bat berez dena izango da. Hasieran sortzen denean ez da izango, ez da asko okertuko?? baina hark ere hasieran denetik garatzeko?? izadi guztiak egingo du; inor ez da horren aurka altxatuko, ezin duelako ere. Baina gu bai.

Guri aukera ematen zaigu garenak izateko ala ez garenak izateko. Hau da ezereza bizitzeko. Misterio handia da, baina Jainkoak serio jokatzen du. Apustua serioski egin du, eta gizakiari eman dio askatasun guztia?? eta berak errespetatzen du, nola gainera?? uzten dio ez dena izaten. Harrigarria da. Bestela bizitzak ez du zentzurik. Eta zertarako? Garenak izateko; garenak bagina, Jainko baikinateke. Aaa??Hortxe dago asuntoa. Eta horrek zer beldur ematen digu? Jainko izatea? Nahiz eta jainko izatera jokatzen dugun?? gure ego alu honekin. Baina ez egiazko Jainkoa. Egiazko Jainko izan ez dugulako nahi. Nahi dugu Jainkotxo izan. Gure irudiko Jainkotxo izatea. Hori da asuntua??

LANAK
Ez diot presarik emango; batzuetan presa izaten det?? eginak daude. Bestetan, ez. Gerta dadila, gertatu behar duenean??