Redes Cristianas
?REDES CRISTIANAS?? koordinakundearen inguruan talde katoliko zabala osatzen dugun Espainiar Estatuko pertsona, talde, komunitate, elkarte, mugimendu eta forook geure ikuspuntua plazaratu nahi dugu iritzi publikoaren aurrean Espainiako Gotzainen Batzarraren ?Orientaciones morales ante la situación actual en España?? delako instrukzioaren (2006-11-23) inguruan. Honakoa adierazi nahi dugu:
1.Elizan eta gizartean egoera konplexua bizi dugula esaten da eta iritzi zuzena deritzogu. Jesus Jaunaren Ebanjelioaren Berri Onak animatzen gaitu, bizitza sozial eta publikoan parte hartzera bultzatuz, inplikazio moralak geure fedetik deskubrituz eta bizi kristauarekin koherentzian. Hala ere, ez gatoz bat dokumentuak jariatzen duen tonu ezkorrarekin, bizi dugun une kultural, sozial eta politikoaren ezaugarriei ari denean. Analisi horretan, gure gotzainak luze eta zabal dihardute beren ustez negatiboak diren kontuez, ?kristauak mundu arrotz eta aurkakoan daude kokatuta?? esatera ere iritsiz, eta paragrafo labur bat baino ez diete eskaintzen positibo deritzenei. Ez ote da hau gure gotzainen eta gizartearen arteko distantzia eta elkar ezin ulertzearen erakusgarri?
2.Gotzainek, liskarrak saihesteko adiskidetze eta distentsioaren alde duten interesa aintzat hartzen dugu. Hala ere, demokrazia ezarri ?aurreko erregimen politikoa?? aipatzean ez diote inongo izendapenik ematen. Demokrazia posible egiteko Eliza lankide izan zela diotenean, egia esaten dute (zehazki, Elizaren atal handi bat esan beharko lukete, ez Eliza osoa). Baina autokritika-dosi ederrak falta dituzte aitortzeko Elizaren hierarkiaren zati handi bat lankidetzan aritu zela erregimen frankistarekin.
3.Positibotzat jotzen dugu ordena mundutarraren autonomia aitortu izana, haren erakunde eta prozesutan, fede kristauak horixe bera bultzatu eta eskatzen duela esaten dutenean, arrazoi osoz, esan ere. Ildo berean diote ?kontua ez da norberaren irizpide moralak gizarte osoari ezartzea??. Hala ere, ?lege naturala?? deitzen duten hori (haren edukiak zehaztu gabe utziz) denak behartuko omen lituzkeen moraltasunaren oinarri unibertsal gisa jartzean, gizarteari beren irizpide etikoak inposatu baino ez dituzte egiten, hiritar guztiak bat ez etorri arren zenbaitetan edo guztietan; berdin gure komunitateetako hainbat pertsona katoliko ere. Ez dirudi gure gotzainek gainditu dutenik konfesionaltasun nazional-katolikoaren tentazioa Estatua ulertzeko garaian, ez eta dogmatismo uniformatzailearena Elizaren barruan.
4.Kristau eta katoliko garen aldetik, bat gatoz mundua, gizakia eta bizia ulertu eta baloratzen ditugunean Jesusengan azaldu zaigun Jainkoaren fedean oinarri hartuta. Baina ez dugu uste ?gure kulturaren errotikako arazoa Jainkoa ukatu eta Jainkorik ez balego bezala bizitzea?? denik. Gure gotzainek sarri aipatzen dute laizismo eta katolizismoaren arteko konfrontazioa, liskarraren sua biziagotuz modu horretan. Guk elkarrizketa eta elkarrekin bilatzeko jarrera proposatzen dugu, hainbat giza-baloretan oinarri hartuta: solidaritatea, elkar zaintzea, pertsona guztion duintasuna aitortzea eta askatasuna arduraz gauzatzea.
5.Bat gatoz bizi kristaua indartzera eta katolikoon batasun eta komunio espiritual eta ikusgai den horretara deitzen zaigunean. Baina dokumentuan barrena ez dugu inon ikusten Elizaren barruko pluraltasuna aitortuta. Katolikoon ustezko pentsamolde bakarra defenditzen ari direla uste dute, errealitatea ukatuz. Fedean eta maitasunean konpartitzen dugun batasunean (komunioan), gure komunitateetan aniztasun osasungarria aurki daiteke, elkarrekin zintzo, askatasunez eta aurremugarik gabe hitz egitera eraman beharko gintuzkeena. Gure gotzainek ?urruntzeak eta bat ez etortzeak?? deritzote horri, eta ?komunioaren kontrako bekatutzat?? jo. Aniztasun hori bera ere ez aitortzean, behar dugun elkarrizketa horri ateak ixten zaizkio, gure artean banatu eta aurrez aurre jartzeko arriskua areagotuz, hurbiltzea, elkar ulertzea eta kontsentsu onak bultzatu beharrean. Katolikook ez dugu pentsamolde bat bera familia moldeei eta ezkontzari dagokienez, emakumearen berdintasunaz gizartean eta Elizan, dibortzioaz, sexualitateaz, ikerketa biogenetikoaren posibilitateez, hiritartasunerako hezkuntzaz edo erlijioen presentziaz eskolan. Gai hauek denak gure arteko elkarrizketagai dira, elkarri asko entzuteko ematen dutenak.
6.Zuzen deritzogu indarkeria terroristari zilegitasun eza aitortu izanari, bizi eta askatasun eskubideak larriki urratzen baititu. Berdin deritzegu biktimekin eta haien senide eta adiskideekin adierazten den nahitasun, begirune eta solidaritateari ere. Baina bakerantz, normalkuntzarantz eta adiskidetzerantz bideratuko gaituen prozesu egokia suspertzeko esaldien falta nabaritu dugu.
7.Gaur egun Espainiar Estatuaren parte diren herriak elkarrekin bizitzeak dakartzan tentsio eta gatazkengatik arduratuta azaltzen dira gotzainak, eta baloratu egiten dugu hori. Baina esan behar dugu Elizaren zeregina ez dela espainiar batasuna zaintzea eta bestelako aukerak baztertzea. Ez eta aukera hauek proposatzen dituztenekin bat egitea ere. Ez dago ez Elizaren, ez Kristautasunaren aukera politiko bat, beren kideen aniztasun errespetagarria baizik; gauza bera gertatzen da hiritar guztien multzoan. Bai Elizak, bai beste edozein erakundek, bai kristauok, beste hiritar guztiek bezala, demokrazia eta erabakiak hartzeko askatasuna defenditu behar ditugu, inongo indarkeriarik eta inposaketarik onartu gabe. Estatuak erraztu behar ditu bere legeen bitartez behar diren mekanismo demokratikoak izan litezkeen aldaketa politikoetarako, bai nazioari, nazioei eta nazionaltasunei dagokienez, bai eta Estatuaren egitura monarkiko konstituzionala edo errepublikarrari dagokionez ere. Hainbat egituratze politiko demokratiko dira bateragarri kristautasunarekin, Estatu bakarrean zein hainbat estatutan, haietara bide demokratikoez iritsita, beti ere.
8.Dokumentuan Elizaren Dotrina Sozialari egiten zaizkion aipamenak egokiak iruditzen zaizkigu. Hala ere, Giza Eskubideak gure gizartean betetzearen aldeko defentsa sutsuagoaren falta nabaritu dugu. Gure gotzainek ez dute hitzik ere esaten Giza Eskubideak Elizan betetzeari buruz; izan ere, arlo honetan oso eskas gaude, batez ere Elizan autoritatea gauzatzeko orduan monarkia absolutuaren ereduari jarraitzen zaiolako.
REDES CRISTIANASen koordinakundea, 2006ko abenduaren 12an